Gipuzkoa Encounter

Organiza Tolosako Udala Tolosa 2015

2008ko Apirila 25-27

Jarduerak 2008

Modding-tailerrak

 

 

 

 

Modding-ak eskaintzen dituen hobekuntza estetiko edo teknikoez gain, originaltasuna eta pazientzia lantzeko ariketa bat ere bada; etengabe trebetasunak eta ezaupideak eskuratzeko aukera ematen du, eta “zuk zeuk egin ezazu” filosofiaren adierazgarri da. Horregatik, MODPC TALDEAk hitzaldi/tailer gisa egingo diren hainbat jarduera antolatu ditu party-a egingo den egunetarako. Hainbat eta hainbat material eta teknika aztertuko dira, hutsetik hasita, nahi duten guztiek parte hartu ahal izan dezaten.



Modding-ari aplikaturiko elektronika



Atal honetan elektronikaren oinarrizko kontzeptuak azalduko ditugu, hala nola korrontea, tentsioa, Ohm-en legea eta abar. Gehien erabiltzen diren gailuak ere aztertuko ditugu: erresistentziak, kondentsadoreak, led diodoak, kommutadoreak, erreleak eta zirkuitu integratuak. Azkenik, hainbat zirkuitu diseinatuko ditugu; produktu komertzialek duten akabera izango ez duten arren, pertsonalizazio-maila handiagoa eskainiko digute eta, lehen aipatu dugun bezala, ezaupide gehiago eskuratzeko aukera emango digute. Hauek izango dira horietako batzuk: haizagailuak kontrolatzeko fanbus-ak eta rheobus-ak, disko gogorraren edo soinuaren jarduera erakusten duen vumeter-a, eta ur-ponpak edo disko gogorrak piztea automatizatzeko errelea erabiltzea. Horietako batzuetarako gomendagarria izango da —ez, ordea, ezinbestekoa— zirkuitu inprimatuak egitea. Horiek sortzeko gehien erabiltzen diren metodoak ere ikusiko ditugu.



Miniaturazko soldadura



Ondoren, soldagailua ia derrigorrezko bihurtzen dela ikusirik, tresna horri atal bat eskainiko diogu. Behar dugun oinarrizko materiala zein den azalduko dugu, material hori nola erabiltzen den erakutsiko dugu eta, era berean, gure osasuna kaltetu gabe akabera ona lortzeko zer neurri hartu behar ditugun ere ikusiko dugu. Soldadura txikiei arreta berezia eskainiko diegu; esate baterako, zirkuitu integratuetako eta SMD kapsulatzeetako soldadurei. Bide batez, azken horiek beste hauetarako modtxipak instalatzeko garaian duten aplikazioa ere ikusiko dugu: PS”, GC, Wii, 360ko flasheatzeak... Azkenik, kontsola bati eskua sartzeko jardunbide egokien eskuliburu bat eskainiko dugu.



Dremel materiala



Beste alde batetik, Dremelek merkaturatzen dituen eta modding-a egiteko erabil daitezkeen produktuen lagin bat jarriko dugu ikusgai. Era guztietako materiala egongo da: erabilera anitzeko erreminta ezagunak, gas-soldagailuak, sarjentak eta gainerako euskarriak, eta abar. Eskura ditugun buruen ezaugarriak aztertuko ditugu, eta horiek nola erabili behar diren azalduko dugu. Ez ditugu beste markak alde batera utziko, eta marken arteko bateragarritasunak laburbiltzen saiatuko gara. Ebaki, higatu, lixatu, leundu... Denetarik egin ahal izango da, hainbat materialen txatalak eskainiko baititugu, nahi duenak erremintak proba ditzan. Lanean hasi aurretik jarraitu beharreko segurtasun-neurriak ere azalduko ditugu.

Beira-zuntza



Azken urteotan material hau erabiliz pieza berriak modelatu eta sortzeak geroz eta indar handiagoa duela ikusita, nola erabiltzen den xehetasunez azalduko dugu. Osagai narritagarriak dituenez, material honekin lan egiterakoan nahitaezkoa da eskularruak, maskara eta betaurrekoak erabiltzea. Narritadura eta alergiak nola saihets daitezkeen azalduko dugu, gehienetan zentzuzkoak diren oinarrizko jarraibideak betez (esate baterako, ondo aireztatutako lekuetan lan egitea). Parte-hartzaileek modu aktiboan hartu ahal izango dute parte tailerrean, lan egiteko materiala eramango baitugu, material horren ezaugarriak hobeto ezagutu ahal izateko.



Overclocking-tailerra



Azkenik, parte-hartzaileei overclocking-ari buruzko azalpen orokorra emango zaie; jarduera horren oinarrizko ezaugarriak azalduko dira bertan eta, horrez gain, benching saio bat egingo da (hots, probak). Aire edo ur bidezko ohiko hozte-sistemez gain, hizlariek izotz lehorra eta hainbat pot eramango dituzte, beren ekipoei ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko. Nahi dutenak gune horretara hurbildu ahal izango dira hizlariak zertan ari diren ikustera, eta beren ekipoak ere ekarri ahal izango dituzte, mundu liluragarri honetan lehen urratsak egiteko.


Zuen pot-ekin etortzera gonbidatzen zaituztegu, eta muturreko overclock-eko saio irekietan parte hartzera.

 

 

Zalantzak edo iritziak azaldu nahi izanez gero, hizlariak helbide honetako foroetan aurkituko dituzue: www.mod-pc.com